Donostiako Udalak behin betiko onarpena eman dio Añorgako Geltokia azpieremuko Urbanizatzeko Jarduketa Programari. Programa horren jarduketa integratuko eremua 31.164 m²-koa da, eta Añorga hiribideko lursail batzuk atxikitzen zaizkie, bertan aurreikusitako urbanizazio-obrak egiteko.
Eneko Goia alkateak gogorarazi duenez, "gaur hartutako erabakiari esker Añorgako Geltokia aurtengo bigarren sei hilekoan hastea aurreikusita dauden lanak garatzeko azken izapideetako bat da, 248 etxebizitza unitate inguru eraikitzeko bidea emanez; horietatik 46 babes sozialeko etxebizitzak izango dira, 46 etxebizitza babestu tasatuak eta 156 etxebizitza libreak, ingurunerako beste hobekuntza batzuez gain".
Urbanizazio-aurreproiektuak 7.211.243 euroko aurrekontua aurreikusten du Añorga Txikiko hirigunean integratutako bizitegi-garapen berria egiteko, eremuaren zuzkidurak birkualifikatzeko ekipamendu berriak antolatuz, plaza eta igogailu berri batekin, Añorgako errekastoa aire zabalean irekitzeko gaur egun lurperatuta dagoen zatian, eta EuskoTrenen geltokia Añorga Txikira hurbiltzeko.
Zuhaitzak
Tokiko Gobernu Batzarrak onartu du Construcciones Moyua enpresari esleitzea hiri eremuko zuhaitz arriskutsuetako jarduketen proiektu eguneratuari dagozkion obren kontratua. Esleitze prezioa 440.123 eurokoa izan da eta enpresak 12 hilabeteko egikaritze epea izango du.
Proiektu honetan, hiriko 25 kokagunetako (etorbideak, parkeak eta kaleak) zuhaiztietan egin beharreko jarduketa batzuk definitu dira, eta trafikoarentzat, oinezkoentzat eta ondoko eraikinentzat duen arriskua ebaluatu da. Era berean, arriskua arintzeko irtenbideak proposatzen dira: inausketa, ipurditik moztea edo trakzio naturalaren kontrola.
Hondartzak
Tokiko Gobernu Batzarrak onartu du hondartzetan eta irlan zaintza, salbamendu eta laguntza zerbitzuak eta Kontxako hondartzan ezintasunen bat duten pertsonentzat lagundutako bainurako zerbitzua kontratatzeko espedientari hasiera ematea.
Hauek dira eman beharreko zerbitzuak: itsasoan burututako ur sorospenaren zaintza eta prebentzioa, salbamendua, sorosleek eta osasun larrialdietako teknikariek edo erizainek emandako osasun-laguntza, eta mugikortasun mugatua duten pertsonentzako lagundutao bainu zerbitzua Kontxako hondartzan.
Kontratuaren iraupena lau hondartza denboraldirako da (2025 – 2028) eta 4.462.390 euroko aurrekontua du zaintza, salbamendu eta laguntza zerbitzua eskaintzeko, eta 225.276 euroko aurrekontua lagundutako bainurako zerbitzua emateko.
Ibilgailua PSISZ zerbitzuarentzat
Tokiko Gobernu Batzarrak onartu du Vehículos, Equipamientos y Carrocerias Prieto-Puga enpresari esleitzea Donostiako Udalaren PSISZ zerbitzua landa aotobonba arin batekin hornitzeko kontratua. Esleipen prezioa 268.983 eurokoa da eta enpresak 12 hilabete izango ditu horniketa eigteko.