2025eko San Sebastian eguna girorik hoberenarekin igaro zen, eguraldi ona egin zuen egunaren zati handienean, milaka lagunek urtarrilaren 20az gozatu ahal izan zuten, eta festa izan zen jardunaldiaren protagonista nagusia.
Eneko Goia Donostiako alkateak eguneko 24 orduetan bizi izandako jai-giro ona azpimarratu du: "San Sebastian egunak egun seinalatua eta oso maitatua izaten jarraitzen du donostiarren egutegian".
Goiak adierazi duenez, "belaunaldiz belaunaldi, jaiarekiko atxikimendua bere esentzia berarekin transmititzen jarraitzen da: haurrek Haur Danborrada betetzen dute; nerabeek eta gazteek Konstin gozatzen dute eta Alde Zaharrean festan parte hartzen dute; helduek gero eta gehiago parte hartzen dute danborradetan, eta egunak ospakizun-osagai bat izaten jarraitzen du lagunekin eta familiarekin".
Osagai horiek guztiek, Goiaren ustez, "San Sebastian egunak bere etorkizuna bermatuta izatea eragiten dute, hiriak bere egiten jarraitzen duelako. Energia hori guztia igartzen da banderaren Igoeratik Jaitsieraraino, eta horrek baikorrak izatera garamatza gure egunaren orainaz eta etorkizunaz".
Alkateak azpimarratu du ez dagoela gertakari esanguratsurik, eta horrek agerian uzten duela segurtasun operatiboek eta antolakuntzak bikain funtzionatu zutela. Halaber, eskerrak eman dizkie udal langileei, Donostiako Festakeko langileei, Udaltzaingoari eta Ertzaintzari, suhiltzaileei, zerbitzu teknikoei eta garbiketa-zerbitzuei, "ehunka pertsonak egiten duten lanagatik, gainerakook egun handi batez gozatzeko aukera izan dezagun".
Balantzea
Eguneko ekitaldirik esanguratsuenetara bertaratzea oso handia izan da aurten ere. Hala, festaren hasierak eta amaierak beti bezala bete zuten Konstituzio Plaza, baina aurtengo berrikuntza nagusia Donostiako kaian jarritako pantaila handia izan da. Bertan, 2.000 pertsonak banderaren igoera zuzenean ikusteko aukera izan zutela kalkulatzen da.
Azpimarratzekoa da belaunaldi batetik bestera aldatu egin dela igoera- eta jaitsiera-ekitaldietara joateko joera; izan ere, jaiaz gozatzeko gogoa duten gazte eta oso gazte diren pertsona asko daude ekitaldi horietan. Aipagarria da, halaber, errepertorioko hainbat abesti abesteko grina, bereziki Donostiako martxaren letra.
Telebistako publikoari dagokionez, ETBren igoeraren emanaldiak % 18,8ko audientzia izan zuen, eta 118.000 ikusle desberdinek bat egin zuten jaiaren hasierako ekitaldiaren emanaldian. Urtarrilaren 19ko 22:30etik 20ko 00:45era bitartean, 35.000 pertsonak ikusi zuten, batez beste, banderaren igoeraren ekitaldia etxetik. 00:00etan, Gaztelubidek San Sebastian Martxa interpretatu zuenean, 66.000 ikusle ari ziren ETB1 ikusten, % 15,2ko audientziarekin.
Baina ikusle gehien erakartzen dituen ekitaldia, zalantzarik gabe, Haur Danborrada da, eta aurten 32.000 pertsona inguruk ikusi zuten Alderdi Ederren zeuden 45 konpainietako 4.625 kideak desfilatzen.
Helduen danborradei dagokienez, aurten mugarri izan da festan berdintasunez parte hartzeko bidean: danborraden % 98,2 mistoak dira jada, Amigos del Antonio Bar, Amigos del Europa eta Gizartea gizonezkoen kategoriarekin. Gainera, 2026an Club Cantabricoko danborrada ere mistoa izango da; beraz, danborrada mistoen ehunekoa % 98,8koa izango da.
Aurten zazpi danborradak hartu dute parte lehen aldiz: Altzako Harri Berri – Oleta Danborrada, Amara-Riberas-Loiola Morlans inguruko AMPA Mary Ward Donostia, Antiguoko Antigua-Luberri Danborrada, Coro Easo Abesbatza eta C.D. Fortuna K.E. Danborrada, eta Alde Zaharreko Itzalpe Danborrada eta Ur Kirolak.
Joan den urtetik Udalak urteurren "biribila" (25-50-75... urte) betetzen duten danborradei egiten dien errekonozimendua indartu egin da, gorbata bat ematen baitzaie, eta gorbata horretan fundazioaren urtea eta urteurrenaren urtea jasotzen dira. Aurten, gorbatak Groseko Kondarrak (75 urte) eta Benta Berriko Lagunak, Club Ciclista Donostiarra, Gaztedi, Parroquia María Reina-Egiako Tolosarrak, Tamborrada Club Cantábrico y Zubi Mus (25 urte) danborradei banatu zitzaizkien.
Aurtengo beste berrikuntzetako bat Gros trafikoarii itxi izana izan da. Horri esker, auzoko danborradek eguna modu seguruagoan gozatu ahal izan zuten, iaztik hiriaren erdigunean egiten den bezala.
Aurtengo edizioari amaiera emateko, 24 orduz Konstituzio plazan egon den Bandera Club Vasco de Camping-i ematea besterik ez da falta.