Barakaldoko Udalak prest du Euskararen Plan Estrategiko berria; tresna horren bidez, herritarren hizkuntza-eskubideak bermatu eta gizarteko esparru guztietan euskaraz hitz egiteko eta bizitzeko aukerak eskaintzen dira. Testua Barakaldoko Udalak Barakaldon euskararen presentzia eta erabilera areagotzeko, eremu publiko zein pribatuetan, Barakaldon euskarari prestigioa emateko eta komunitate euskalduna aktibatzeko hartutako konpromisoek osatzen dute.
Joan den ostegunean, Barakaldoko osoko bilkurak Plana onartu zuen, hogeitik gora gizarte eragileren, euskararekin zerikusia duten erakundeen, alderdi politikoen eta Udaleko teknikarien partaidetzarekin. "Euskarara ahalik eta sektore gehien erakarriko duen hizkuntza-politika inklusiboa bultzatu nahi dugu. Gure hiriak aniztasun eta premia oso desberdinak ditu gure bizilagunen artean, eta, beraz, hizkuntza-politika eraginkorra izan dadin, gizarte plural horren errealitatea kontuan hartu behar dugu. Helburu egingarriak eta ilusionagarriak behar ditugu guztiontzat, euskaraz normaltasunez erlazionatu gaitezen, eta horixe bilatzen dugu bost urteko iraupena duen plan berri honekin, 2029ra arte ", azaldu du Iratxe Foces Euskara zinegotziak.